2013/10/08

“ARGIE AMATAU ETORKIZUNE IZITAKO” AURKEZTU DAU ARRATIAN LAN ETA BIZI!-K



    “Argie amatau etorkizune izitako” ekimena aurkeztu zaurien atzo Bedian Arratian Lan eta Bizi! plataformakoak:

     "Gure eskualdean daukagun egoera ez da Bizkaiko eta Euskal Herriko beste eskualde batzuetan deukienaren oso desberdina, baina horren ez dau esan gura ez gaituenik arduratuten. ARRATIAN LAN ETA BIZI! plataforma osatuten dogun eragile sozial eta sindikalak ziur gagoz herritarrok etengabeko pobrezia orokor bat biziten gabizela. Txirotze hau kapitalaren interes ekonomikoen ondorio da, zeinak lan baldintza gero eta prekarioago eta lan mundurako sarrera gatxeko eszenatoki batera kondenatuten gaituen. 

     Arratian langabezia benetako arazoa da. Eta larria. Datuek dinoenez, eskualdean 1000 pertsona baino gehiago dagoz langabezian: 340 bat Igorren, 250 Lemoan, 70 Diman, 45 Artean, 65 Zeanurin eta 78 Bedian. Honeek datuek langabetu kopurua 2009tik bikoiztu egin dala adierazten dabe. Iazko data bertsuetako datuakaz alderatuz, %20 igoera izan da. 

     Aurrekaririk gabeko lanpostu suntsiketa baten aurrean gagoz; oharkabean pasetan dabizela emoten daben norbanakoen kaleratzeez gain, “desindustrializazio isil” bat biziten gabiz. Horren adibide dira INCOESA  eta PREFABRICADOS LEMONAren itxiera, ALFUSen izan diran kaleratzeak…

    Horregaitik guztiagaitik, ARRATIA LAN ETA BIZI! plataformakook Arratiako auzotarrari dei egiten deutsiegu gure inguruko industria sarea defendatuteko eta gure eskualdearen biziraupena benetako arriskuan jar leikean edozein egoerari alkarregaz aurre egiteko. 

    Halan, gaur, ARGIE AMATAU ETORKIZUNE IZITAKO! ekimena aurkeztu gura dogu. Ekimen honen asmoa urriaren 30ean, iluntzean, itzalaldi bat egin eta inguruko herri guztietan mobilizazinoak egitea da.

    Honegaz ekintzagaz, parte hartu nahi daben eragile social, kolektibo edo norbanakoari lekua egin gura deutsiegu. Mobilizazioa zabal eta parte hartzaileena izan daiten, gure asmoa sektore eta esparru social guztietan eragina izatea da. Horregatik, Arratiako herritar guztiori parte hartzeko dei egiten deutsuegu. Era berean, ekimen hau aurrera eramateko daukozuezan ideia guztiak gurekin partekatzea eskertuko geunke.

     Lan hau guztia hau erraztuteko, aste honetan zehar dinamika honetan parte hartuteko ahalik eta gonbidapen gehien bildu deutseguz kolektibo, talde eta erakundeari eta, datozen asteetan, euren eta eskualdeko enpresa komiteen atxikimendua espero dogu. Era berean, alderdi politiko eta herri plataformekin kontaktuan jarri gara udal guztietan mozioak onartu eta alderdi eta plataformon konpromisoa lortuteko. 

     Gure herriek eta gure eskualdeak merezi dabela uste dogulako; Arratian lan eta bizi gura doguleko LAN SUNTSIKETAREN AURKA… ITZALALDIA!"

No hay comentarios:

Publicar un comentario