2013/01/27

GAZTE DANBADA URDUÑAN AURKEZTU DAURIE



Gazte Danbada jaialdia martxoaren 29, 30, 31 eta apirilaren 1ean burutuko da Urduñako herrian (Bizkaia). Zukgua gazte prozesu eratzailearen bidez definitzen ari garen gazte antolakundearen jaiotza ospatzeko jaialdia da Gazte Danbada.

            Ehundaka gazteren artean ari gara gazte antolakundea sorteen, eta izaera horri eutsiz, jaialdia ere auzolanean eta elkarlanean antolatutakoa da. Herriko eskualdeko produktuak kontsumituko ditugu elikadura subirautza bultzatze aldera eta zero zabor filosofiari jarriki, zaborraren bilketa sailkatua egongo da.

            Gazte Danbadak egitarau zabal eta oparoa izango du, interes eta estilo anitzen erakusleiho izango delarik. Lau egunez Urduñan era askotako tailer, hitzaldi, musika, kontzertu, etab. aurkituko ditugu bertaratzen garen guztiok. Egitarauaren parte dira adibidez: zero zabor, zirku, xamurtasun edo bideo eta irratsaioei buruzko tailerrak. Baita Nekane Juradok, Lapiko kritikoak, Josemi Zumalabe fundaziokoek edo Marinaledako biztanleek eskainiko dituzten solasaldi ezberdinak. Horrez gain, gazte problematika lantzeko aukera zabala izango da eta sorkuntzak tarte handia hartuko du; bai gazte sortzaileen lanak ikusgai egongo direlako, baina baita bertan sortzeko aukera egongo delako ere. Musikari dagokionean estilo eta genero ezberdinak uztartuko, eta musika taldeek parte hartuko dute Gazte Danbadan: iheski, Ze Esatek, Gatibu, On, 2zio, Bad Sound System, Leihotikan, Hotzikara, Anai-Arrebak (Pasaia), Gose (Arrasate), Matxura (Zarautz), Arkasa Social, Borja&Ibon DJ-ak, Las Teas Party DJ-ak, Neula Selektah… (egitarauari buruzko info + www.gaztedanbada.net)

            Bederatzi gune izango dira Gazte Danbadan, jaialdiarekin transmititu nahi diren bost ideia, ezaugarri eta balore nagusiak biltzen dituztenak eta horien arabera antolatuko da egitaraua. Ondokoak dira bost ideiak:

-Harremandu: Norbanako zein herrien arteko elkartasuna landuko du. Harreman eredu askatzaile zein iraultzaileetan sakontzea dugu helburu nagusi.

-Eraiki: Herri eta kolektiboa osatzen dugun norbanako eta eragile baikoitzak independentzia, sozialismoa eta feminismoaren bidean sortu eta garatutako egitasmoak aurkeztu eta bide berrietan urratsak emateko tresnak eskainiko ditugu.

-Eztabaidatu: hausnarketarako beta izango da. Formatu ohikoenetik aldenduz, jakintzaren hartu emana eta buruak askatu zein formatzeko aukera izango da.

-Ekin: Zukgua prozesuaren baitan teorikoki lantzen ari garen guztia praktikan jartzeko aukera izango da.

-Izan: Aurreko lau cuneen izaera barnebilduko dugu. Harremanduz, eraikiz, eztabaidatuz eta ekinez gara garena eta izan nahi duguna.

            Danbadako bonoak herri ezberdinetako taberna nahiz gaztetxeetan jarriko dira salgai otsailaren 6tik martxoaren 2ra. Hamarreko taldean erosteko sarrerak izango dira horiek eta banakako sarrerak baino merkeagoak izango dira. Gazte Danbadako banakako bonoak martxoak 4an jarrito dira salgai, martxoaren 23ra arte. Azkenik, egunekako sarrerak erosteko aukera ere egongo da martxoaren hasieratik aitzina eta baita Gazte Danbadan bertan ere.

            Bonoen salmenta puntu zehatzak eta jaialdiaren gaineko xehetasun guztiak www.gaztedanbada.net atarian bilduko ditugu aurrerantzean. Otsailean zehar, Gazte Danbadako partehartzaile ezberdinek web orriaren bidez azalduko dituzte beraien saioetako gako nagusiak. Webaz gain, sare sozialetan ere izango da Gazte Danbadaran berri: Facebook eta Tuenty-n, zehazki.
Informaziño iturria: gaztedanbada.net

No hay comentarios:

Publicar un comentario